
Santa Krutz ermitara erromeria eginen dute gaur
Erlijioa ðð 13:00etan meza eginen dute eta ondoren bazkaria izanen da, eta musikak eta dantzak ez dute hutsik eginen.
naiara garzia
Gaur, urtero bezala eta Jubilatu elkarteak antolatuta erromeria eginen dute Santa krutz ermitara.
«Herri osoak» parte har dezan deialdia egin dute antolatzaileek. Meza ospakizuna 13:00etan eginen dute, eta ez 13:30ean, aurreko urteetan bezalaxe. Dena den, goizetik hasita eta meza ospakizuna hasi baino lehen jendea izanen da bertan.
Santa Krutzeko ermita dagoen mendi kaskoa paregabea da egun-pasa egiteko, bertan dauden pagoek, beroa eginez gero, itzal atseginak ematen baitituzte.
Festari hasiera, beraz, 13:00etan emanen diote, ermitan eginen duten meza ospakizunarekin eta ondoren bazkaria, kanta eta dantza izanen dira bertaratzen direnentzat.
Jubilatu elkartetik azaldu dutenez, «bazkaria norberak eraman behar du». Hori bai, edaria, postrea, kafea, kopa eta musika elkarteak jarriko ditu, urtero egin ohi duten bezala.
Nahi duenak oinez igotzeko aukera izanen du eta bestela, jende heldu dezente igotzen denez, mendiko ibilgailuak dituztenei ezinduak eramateko laguntza eskatu dute elkartetik.
Egun honetaz gain, jendea urtean bitan igotzen da Santa Krutzera, bi Santa Krutz egun izaten baitira, maiatzean bat eta irailean bestea eta bai batean bai bestean apaizarekin igotzen dira herritarrak.
Erromeriaren zergatia
Juan Bautista Irazoki urte askoan Leitzako abadea izandu da, aurten kanpora joan den arren eta bera etorri baino urtebete lehenago aritu ziren ermita berritzen eta konponketa lanak egiten.
Ermita auzolanean konpondu ondoren, urtemuga bezala festa bat egiten hasi ziren, eta nahiz eta urte askoan festa egun hau bertan behera utzi zuten, Jubilatu elkartetik duela zenbait urte berriro festa eguna antolatzen hasi ziren. Auzolanean duela hainbeste urte egindako lana eskertzeko, beraz, urtero erromeria hau egiteko ohitura berreskuratu zuten eta aurten seigarren urtea izanen da Jubilatu elkarteak jarraian Santa Krutzera erromeria antolatzen duela.
Santa Krutzeko ermitako konpontzen jende askok parte hartu zuen arren, Txokoko Lontxo izan zen buru eta hori dela eta, joan den urtean meza bere omenez egin zuten.
Erromeria ere auzolanean
Erromeria Jubilatu elkarteak antolatzen duen arren, bertara hurbiltzen direnak bazkaldu ahal izateko mahaiak jarri behar dira, baita aulkiak ere eta horretarako aldez aurretik igotzen da jendea, denen artean arratsaldea festa giroan pasatzeko Santa Krutz ermita ondoko txokoa prestatzeko.
Azoka
Txuleta festa
TOLOSA, Zerkausia - 2008-12-05
Antzerkia
Titirijai 2008
TOLOSA, - 2008-11-29
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.