
2008-04-30 | 19:01:59
Aisia
Plazaolaz gozatzeko, Natur Bideen Eguna igandean Leitzan
Lau ibilbidez gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte plazan eta herriko garbilekuan, Natur Bideen Eguna ospatzeko
Gaur igandean ospatuko den Natur Bideen Eguna dela eta, prentsaurrekoa eskaini dute Yolanda de Carlosek, Plazaola Partzuergo Turistikoko kudeatzaileak eta Xabier Zabalok, Leitzako alkateak, izan ere, aurten Leitzan ospatuko da. Festa hau estatu mailan ospatzen da eta natur bideen promozioa eta trenbide zaharren bideak berreskuratzea du helburu. Urtero bezala, Leitzan bertan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina natur bidea protagonista denez, zenbait ibilaldi ere antolatu dituzte.
Ibilaldiak
Iganderako 4 ibilaldi antolatu dituzte. Lehenengoak, Leitza Iparra izenekoak, 10 kilometro ditu eta Leitzako geltokitik Gipuzkoako mugaraino joan-etorria eginen dute hau aukeratzen dutenek (3 tunel zeharkatzen dira).
Leitza Hegoa izenekoa luzexeagoa da, 14 kilometro baititu. Geltokitik abiatu eta Uitzira joan-etorria eginen dute, eta kasu honetan 10 tunel zeharkatu behar dira.
Hirugarren ibilbidea aukeratzen dutenek Leitzako plazatik abiatu eta Uitziko tuneleraino joan- etorria eginen dute. Azkenik, nahi duenak ere Lekunberritik Leitzaraino joateko aukera izanen du laugarren ibilbidean, 14 kilometrotako ibilbidea izanen delarik.
Uitziko Tunela
Uitziko tunela aurten ez dute argiztatuko Natur Bideen Egunerako. Yolanda de Carlosek azaldu duenez, «aurten jada konponketa-lanak egiten hasiko dira, eta hori dela eta egun batetarako soilik ez piztea erabaki dugu». Izan ere, Nafarroako Kutxan lehengo urtean 1.000 pertsonetatik gorak proiektu honen alde egin zuten, eta aurten ere jende askok gauza bera egin duela dio de Carlosek. Egindako ikerketa baten arabera, 1.200.000 euro behar dira tunela berritzeko. Tunela argiztatua ez egon arren, marra txuriz beste bide bat markatu dute. Saihesbide honek 200 metrotako desnibela duenez antolatzaileek ez dute zati hau txirrindulaz egitea gomendatzen.
Leitzako Plazaola Geltokian (9:00etatik 10:30era) eta herriko plazan (9:00etatik aurrera) informazio guneak egonen dira. Bertan ibilbideen inguruko informazioa emanen dute, parte-hartzaileen izenak hartuko dituzte eta hauei opari bat emanen zaie. Ondoren, eguerdi aldera sariak zozketatuko dira.
Egitarau oparoa
Urtero bezala, egitarau oparoa antolatu dute ibilaldiez gain. 12:00etan haurrentzako pailazoak izanen dira herriko plazan eta gloflexia, 13:00etan Adaggio laukoteak emanaldia eskainiko du, 12:00etatik 12:30era, eta 13:00etatik 13:30era herriko plaza ondoan dagoen garbilekuan ikus-entzunezko 2 emanaldi eskainiko dituzte. «Garbilekua moldatu egin dugu», dio Zabalok. «Hemendik aurrera erabiltzeko espazio bat bezala planteatu dugu. Zer erabilera eman pentsatzen ari gara, balio handiko leku bat baita». 12:00etatik aurrera luntxa izanen da plazan, eta otartekoak eta edariak banatuko zaizkie izena eman duten parte-hartzaileei.
Natur Bideen Eguna igandean izan arren, Plazaolan egunero, eguraldi ona egiten duenean bereziki, jende asko ibiltzen da oinez eta herritarrek beraien ibilaldiak egiteko ibilbiderik aukeratuenetakoa izan ohi da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.